XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GEORGES - Piska bat, asko, edo grinaz?

1. ZAINTZAILEA - Grinaz.

GEORGES - Horrelako grinaz maitatzeko biziki gorrotatu behar da.

1. ZAINTZAILEA - Gorrotatu? Nor?

GEORGES - Besteak (Loreetara makurtuz). Gorrotoaren usain gozoa har dezagun (Hats hartuz). Bortitz, nahasi eta ustela da (Loreak aurkeztuz). Hona hemen arriskua (Zaintzaileek pistolak atera eta loreei apuntatzen diete). Ez tira! Mila burudun hidra da eta. Amorruak altxa erazitako mila buru kozkor, garrasika eztarria eteten zaizkien eta hil baino lehen beren kiratsa oihu bat bezala botatzen dutenak. Larrosa hauei pozoina darie.

2. ZAINTZAILEA - Pozoina?

1. ZAINTZAILEA (2. ZAINTZAILEAri) - Toxikologi Laborategia, Gutenberg 66-21(Bestea telefonorantz joaten da).

GEORGES - Beranduegi: hemen dena pozoindurik dago, nik gorrotogintzan egiten bait dut lan.

1. ZAINTZAILEA - Gorrotogintzan?

GEORGES - A! Gorrotoa kiratsa darion grina da! Baina montajea dantza erazi nahi baduzu, hariak dauden lekuan heldu behar, kakatzetan badaude ere. Nik hari guztiak eskuan dauzkat, nere eguna da eta gora gorrotoa, nere boterea hari zor diodanez. Ez jarri begi horiek: poeta naiz; zein da zuen zeregina, ni ulertzea ala ni zaintzea?

1. ZAINTZAILEA - Zu zaintzea.

GEORGES - Ba, zain nazazue, zaindu. Zer ordu da?

1. ZAINTZAILEA (eskumuturreko erlojuari begiratuz) - Eguraldi ona eta egonkorra.

GEORGES - Zer tenperatura?

1. ZAINTZAILEA (horman dagoen termometro bat begiratzera joaten da) - Hogei gradu Réamur.

GEORGES - Hau udaberriko arratsaldearen ederra! Zerua oskarbi, eguzkia kristalei su eman beharrean: jendetza lasaia, jantzi argiak soinean dituela Champs Elysées-etan gora eta behera, ilunabarreko argiak aurpegiak leunagotzen ditu. Ondo da, pozten naiz (Ahozabalka). Egitekoen zerrenda?

1. ZAINTZAILEA (Zerrenda bat kontsultatuz) -17,40etan, Sibilot, zure Oroitzapenetarako.

GEORGES - Eta gero?

1. ZAINTZAILEA -18,30etan Figaroko kazetari bat.

GEORGES - Arretaz mia ezazue. Batek ez daki zer gerta daitekeen. Eta ondoren.

1. ZAINTZAILEA - Gaujai eta dantzaldia.

GEORGES - Noren etxean.

1. ZAINTZAILEA -Bounoumi andrearenean.

GEORGES - Berak ematen al du gaujai hori?

1. ZAINTZAILEA - Haren lehiakide zen Perdríere jauna erretiratu dela ospatzeko.

GEORGES - Nik ospatuko dut; hori nik egina da. Alde hemendik! (Irten egiten dute. GOERGESek atea itxi eta ahoa zabaltzen du).